1993an, Osasunaren Mundu Erakundeko (OMS) Osasun Mentaleko Atalak Eskoletan Bizitzarako Trebetasunei buruzko Hezkuntza zabaltzeko (Life Skills Education in Schools) Nazioarteko Ekimena taxutu zuen. Helburua zen haurren eta gazteen gaitasun psikosoziala sustatzeko garrantzitsutzat jotzen ziren hamar trebetasun orokorren irakaskuntza zabaltzea.
Hamar trebetasun psikosozial horiek ez dira berriak. Gizakia bezain zaharrak direla esan dezakegu. Izan ere, guztiek dute zerikusia geure buruarekiko, beste pertsonekiko eta gizarte-ingurunearekiko harremanak baliatzeko dugun moduarekin.
Edozein adinetako pertsona guztiek erabiltzen dituzte egunero. Zer da, orduan, berria? Batez ere, gero eta garrantzitsuagotzat jotzen dela trebetasun horiek haurrei eta nerabeei zuzendutako hezkuntza-programetan sartzea. Hala ikastetxeetan nola lantokietan.
Bizitzarako trebetasunak sailkatzeko hainbat modu badago ere, Osasunaren Mundu Erakundearen proposamenak eragile askoren onespena lortu du, nahiko malgua delako eta gizaki guztiengan aplikatzeko modukoa delako.