Hezkuntzaren erronka berriak
Osasunaren Mundu Erakundearen ekimena 1993an sortu zen, eskolek ordura arte ematen zuten hezkuntza egungo munduaren eskakizun eta erronkei erantzuteko nahikoa ez zela onartu zenean. Izan ere, egungo mundua konplexua eta aldakorra da eta pertsona guztiak elkarren mende daude. UNESCOk Proyecto Regional de Educación para América Latina y el Caribe deritzon dokumentuan (PRELAC, 2002) adierazi zuenaren arabera: “Funtsezkoa da hezkuntzak oinarrizko gaitasun tradizionalak ematea, baina ez da nahikoa. Izan ere, herritar gisa jokatu, bakearen kultura sustatzen lagundu eta gizartea aldatu ahal izateko beharrezkoak diren alderdi guztiak ere landu behar ditu. Ikuspegi horretatik, bada, hezkuntzak gizakia herritar giza hezi, baina, aldi berean, aske sentiarazteko zeregina du". Osasunaren Mundu Erakundeak, bestalde, beste bi ezaugarri adierazi zituen bere ekimenean. Batetik, gaitasun psikosozialak osasuna sustatzeko, hau da, pertsonen ongizate fisikoa, mentala eta soziala sustatzeko duen garrantzia. Bigarrenik, azken hamarkadetan gizartean, kulturan eta familietan izan diren aldaketak direla medio, zaila da etxean gaitasun horiek aski ongi ikastea. Horregatik, Osasunaren Mundu Erakundeak bizitzarako hamar trebetasunak hezkuntza formalean irakatsi behar zirela proposatu zuen.
Ereduaren baliozkotasuna gaur egun
Osasunaren Mundu Erakundeak, funtsean, azken 20 urteetan baino gehiagotan idatzitako lanak eta ikerketak aztertu eta nazioarteko adituen arteko bilerak antolatu zituen. Gero, azkenik, proposamen metodologiko bat adostu eta nazioartean zabaldu zuen. Nazioarteko Ekimen horren emaitza gisa, proiektuen kopurua asko hazi da munduko hainbat tokitan. Hasieran, arazo espezifikoei aurrea hartzeko (droga-mendekotasuna kasu) erabiltzen bazen ere, gaur egun beste hainbat gai jorratzen hasi dira, adibidez: bizikidetza sustatzea, herritartasunerako hezkuntza edo hezkuntzaren kalitatea.
Bizitzarako trebetasunei buruzko arloaren gaineko praktikak eta ikerketak etengabe ari dira aurrera egiten. Osasunaren Mundu Erakundeak eta UNICEFek (2001-2002) egindako inkesta baten arabera, bizitzarako trebetasunen ikuspegia Europako, Asiako, Afrikako, Ekialde Hurbileko, Iparramerikako, Karibeko eta Latinoamerikako gobernu-erakundetan, Nazio Batuen agentzietan eta gobernuz kanpoko erakundeetan aplikatzen da: www.vox.no/upload/2830/J.Jones.pdf